2018-02-06

YESict PROIEKTUAREN LAGUNTZAREKIN JOLAS GELA BERRIA

J. Etxeberria ekintzailearen bisita.
DBH 1eko ikasleek urtarrilean YESict proiektuaren bigarren esperimentazio kanpainan parte hartu dute. YESict proiektua (Young Entrepreneurial Skills by ICT edo, euskaraz, IKTen bidez ekintzailetasuna sustatu gazteen artean) Europar Batasunak finantzatutako proiektua da, ikasleengan ekintzailetasun konpetentziak sustatu nahi dituena.

Ekonomia krisiak Europan agerian utzi du hazkunde ekonomikoari, enpleguari eta gizarte ongizateari eusteko ezinbestekoa dela ekintzailetasuna bultzatzea eta beharrezkoa ikusi da ikastetxeetan hori garatzen lagunduko duten programak martxan jartzea. Hori dela eta Ikastolen Elkartea (EHI) eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoa (MGEP) elkarlanean aritu dira helburu hori lortzeko materiala sortzen. Proiektu horretan Europako beste erakunde batzuek ere parte hartu dute: Antic (Lapurdi), FH Joanneum Uni (Austria), Synthesis (Zipre), University of Nicosia (Zipre) eta Vaeksthusthus Sjaelland (Danimarka). Proiektuko kide hauek 2015etik 2018ko abuztura arte lanean arituko dira.

Ikasleak talde kooperatibotan lanean. EHI eta MGEPko ordezkariak proiektuko jarraipena egiten.

Joan den ikasturteko udaberrian YESict proiektuko materiala lehen aldiz pilotatu zen Euskal Herrian, Zipren eta Danimarkan eta Andra Mari ikastolak lehen esperimentazio horretan parte hartu zuen. Ikasleek "The Neighbourhood of My Dreams" edo "Nire ametsetako herria" unitate didaktikoa landu zuten eta Sakana hobetzeko proposamenak egin zituzten.

Aurkezpen eguna.
Bigarren esperimentazioko proiektua bestelakoa izan da; ikastolak erronka bat bota die DBH 1eko ikasleei: DBHko eraikineko jolas gela berria diseinatzea, ondoren, proposamen horietan oinarrituta benetakoa eraiki eta hornitu ahal izateko. Unitate honek zazpi fase izan ditu, kasu batzuetan ikasleek modu digitalean lan egin behar izan dute eta beste kasu batzuetan eskulanak egin behar izan dituzte. Talde kooperatiboetan jolas 
gelari buruzko hausnarketa egin dute eta hura hobetzeko proposamenak landu dituzte. Talde bakoitzak diseinu digital bat egin du eta horretan oinarrituta baita maketa bat eraiki ere.

Ondoren, DBHko beste geletako ikasleen, irakasleen eta senide batzuen aurrean proposamen horiek aurkeztu dituzte. Orain guztion artean gustukoen edo egokiena den diseinua aukeratzea falta da eta ikastolak emandako aurrekontuarekin horrelako jolas gela berria eraikitzea.

Ikasle taldea prototipo fisiko eta digitalarekin.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina