2017-10-28

SAN PEDRORA BIZIKLETAN. DBH 1 eta 2 (Bideoa ikusgai)

Eguraldi txarra zela eta astebete atzeratu ondoren, joan zen ostegunean gauzatu genuen azkenean San Pedrora egin beharreko txangoa. (Egin klik hemen bideoa ikusteko)

San Pedron bapo-bapo
gosaltzen
Zeruak egun bikaina iragartzen zigula ekin genion bideari hirurogeita bi lagunez osatutako tropelak. Gutako hirurgogeita bat bizikleta gainean, eta Mikelatxo furgonetan guztion atzetik. Zenbait geldialdi egin ondoren, aldarte ederrean iritsi ginen azkenean goizeko hamaika eta erdiak inguruan San Pedroko ermitara. Bertan, ondo merezitako hamaiketakoaz gozatzeaz gain, tartetxo bat izan genuen geure artean lasai-lasai hitz egin eta jolasean aritzeko. Oso ondo pasa genuen!!!

Aritz Katrinen bizikleta
konpontzen
Eguzkia lagun geneukala hartu genituen berriro bizikleta eta kaskoa, eta ibilbidetxo labur baten ostean iritsi ginen Altsasuko Dantzalekura. Hemen ere izan genuen ondo pasatzeko astia! Baina azkar pasa ohi da denbora lagunak ondoan dauzkazunean, eta hala gertatu zen ostegunean ere. Konturatzerako, txirrindula gainean ginen berriz, baina kasu honetan, etxerako bideari ekiteko prest...

Altsasutik Urdiainera bidean
Bueltako bidean ere momentu polit askoak izan genituen. Izan ere, herriz-herri egin baikenuen buelta. Egin kontu!! 62 laguneko taldea!! A ze kolorea eta a ze giroa jarri genituen Urdiaingo, Iturmendiko eta Bakaikuko plazetan!!! Urdianen, herriko plazan dagoen iturri inguruan egin genuen parada, eta a ze aukera eman zigun honek urarekin jolasean aritzeko!! Iturmendin aldiz, lasai-lasai hizketan aritzeko eta hankei atseden emateko erabili genuen gehienok bertan igarotako denbora; Azken geldialdia Bakaikun egin genuen, eta hemen herriko parkea zeharkatzen duen tirolina izan zen geure jolasa. A ze barreak egin genituen tirolina harrekin!!! Itzela izan zen!!! Baina ordubi eta erdiak pasa geneuzkan, eta gosea geure urdailak erasaten hasia zen ordurako. Honela ba, geure indar apurrak Etxarrira iristeko erabili genituen, eta azkenean, hirurak gertu zirela iritsi ginen ikastolara. Neka-neka eginda baina poz-pozik!!!
Zuhaitzeko Etxea
Aparta izan zen eguna!! Eguraldia, lagunak, bisitatutako geure herri eta parajeak... bikaina guztia!! Gainera, inguruan aurkitzen genuen guztiak ematen zigun jolaserako parada!! Ezkurrak, zuhaitzetako adarrak, hostoak, iturrietako ur gozoak... denak balio zuen ondo pasatzeko!!! Bestalde, San Pedroko baseliza eta Txuspo Poyok Dantzalekun egindako "Zuhaitzeko Etxea" ere ezagutu genituen!! Ederrak biak!!

Anaitz eta Ane tandem gainean
Amaitzeko, bi aipamen egin nahiko genituzke: Doala gure lehen aipamena Ane Zubeldia eta Anaitzentzat. Hauek, ibilbide osoa, joan eta etorri, elkarrekin egin zuten tandem baten gainean. Soinez-soin. Besoz-beso. Zuek bai txapeldunak!!
Joan dadila gure bigarren aipamena ibilbidea oso-osorik amaitzerik izan ez zuten gure ikaskideentzat!! Besarkada bero-bero bat zuentzat ere!!!

Beno, ba esan bezala, egun bikaina izan zen ostegunean bizikleta gainean pasa genuena!!! Hain pozik gaude, hain alai, ezen azken mezutxo bat daukagun gordeta pantailaren aurrean kronikatxo hau irakurtzen ari zareten guztientzat. Ez ahaztu ezin duzuela oraindik ordenagailua itzali. Izan ere, ostegunean bizitako abenturak iruditan laburbiltzen dituen bideotxoa sortu baitugu zuentzako. Ikus ezazue. Gustatuko zaizue!!!

AUPA ANDRA MARI IKASTOLA ETA AUPA GU!!!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina