2015-10-02

SANTA MARINARA TXANGOA: NATURAREKIN JOLASEAN. DBH 1 eta 2 (BIDEOA IKUSGAI)

Atzo, 9:30ean, Santa Marinarantz abiatu ginen DBH 1 eta 2ko ikaskideak, Mikelatxo, Lorea, Aitziber eta Adurrekin. Hasera batean, bazirudien eguraldia ez genuela bidelagun izango, baina gutxinaka-gutxinaka, geure urratsen erritmora, hodeiak aldendu egin ziren eguzki gozoari lekua egiteko. Eta eskerrak!!! Izan ere, momenturen batetan txangoa bertan behera uzteko arriskua ere ikusi baikenuen. (Egin klik hemen bideoa ikusteko)

Ikasleak masustak jaten
Igoerak, momentu polit asko utzi zizkigun, nahiz eta tarteka, igotzea zail egiten zen maldaren bat aurkitzen genuen. Azken orduko ekaitzek lokaztu egin zuten ibilbidea. Hau dela eta, batzuetan, geure ipurmasail maiteak lokatzetan zikinduak geneuzkala bukatu genuen. Baina lasai, inongo arazorik ez! Lurretik altsatzen lagunduko zigun lagunaren eskua gertu egongo zela jakinda, atzokoan ez zegoen gu geldiaraziko gintuen aldaparik!!!

Santa Marinako harkaitzetatik
ostertza begiztatzen
Azkenean, eta ia bi ordu eta erdiz mendian barrena ibili ondoren, Urbasako mendilerroak hain ugariak dituen leku berezi eta eder horietako batetara iritsi ginen: Santa Marinara. Honela, ermita begi-bistan geneukala, bertako harkaitzen magalean hainbeste merezitako hamaiketakoaz gozatu genuen!! Asetuta eta erabat indarberrituta, jolasean aritu ginen denbora tartetxo batean, berriro Etxarrirantz abiatzeko prestatzen ginen bitartean.

Denok errenkadan
mendian barrena
Beherantzako bidean, gorantza arerio izan genuen lokatza, bidelagun bilakatu zen!!! A ze lasterketak egin genituen mendiko aldapetan behera... atera kontu: gutako batzuk lokatz gaineko irristaketa egiten aritu ginen!!! Horregatik, ama, aita, noizbait hau irakurtzen baduzue, barkatu; barkatu atzo etxera eramandako arropen piuragatik eta etxean sartutako lokatz kiloagatik ere... baina badakizue, gazteak gara eta ezin egon halakorik egin gabe!!! Mundiala izan zen!!! Gainera, zuek ere egingo zenituzten halakoak geure adinean, ala?

 Zirauna honek gurekin egin zuen
bidearen parte bat
14:45etan iritsi ginen azkenean ikastola atarira: zikin eta nekatuta, baina poz-pozik eta helburuak beteta. Sakanako geure bazterrak hobeto ezagutzeko balio izan zigun txangoak, eta gainera, naturak eskeintako guztiarekin jolasteko parada izan genuen: harkaitzak eta belarra, zuhaitzak eta lokatza, ziraun iheskorrak eta koloretako masustak, harriak eta arto-buruak, zaldi gihartsuak, haizea, putzuak eta errekatxo estuak... denak balio zuen atzo lagunartean jolastu eta naturaz gozatzeko!

Beno ba, pantailaren atzean zauden horri, espero dugu atzo Santa Marinara egin genuen txangoaren kronikatxo hau gustatu izana! Eta ez ahaztu bideoa daukazula ikusgai!! Ongi izan!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina